XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

UMOREARI UMOREZ EUTSI

BAI, umorea umorez.

Arlotekeriarik gabe, buru bizkortasunez baina ez ordea buru arinez.

Azken bolara honetan, handik eta hemendik galderak iristen zaizkit euskal umoreaz argitasun eske.

Baina, umoreak berak, berez, argitasuna du.

Beraz, zelan eman nezake berez bere duen argitasunetik kanporakorik? Buruz motelak direnei bakarrik gogoratzen zaie holakorik.

Eta moteltasunaren aurka betor umorea.

Fede ugari eta ekintza urri agertu genezake teoriazko estudioak barrena.

Hori, mahaiean eseri eta menu-gutunari begira eta berbegira denbora eman eta platera hutsik edukitzea bezala da.

Bertsolari onari ez dago umorea zer den erakutsi beharrik, Pernando Amezketarratik Txirrita arte bazen besterik tarte, inor nahi balu parte har.

Behin batean oinordeko ziren Uztapide, Mattin, Xalbador; eta gure egunotan, besteak beste, Lazkao-txiki, Mañukorta... (punto baino puntadak hobe, bada ezpada ere).

Horietan nabari den elkarri ziri sartzeko modua, estiloa, esateko era; bertsoa taxuz osatuala ideiak girotu, pizkarria kargatu eta azkenean ziria sartu.

Hori da egitura.

Baina, Plazentzia-Eibar inguruetan zer moduz? A! Han bertan adinekoei adi.

- Koloreak? Ortzadarrak baino gehiago.

Beltzetik nahi duzula? Ba, har beltzetik: - Gauza bat nahi nuke jakin.

- Zer?

- Non hil behar naizen.

- Zertarako?

- Haraxe ez joateko.

Edo gaisorik zegoena bisitatzera joan zenean sortutako elkarrizketa leun hura: - Ez daukak itxura txarrik.

- Ba, oso gaizki aurkitzen diat nere burua.

- Ba, nik, egia esan, hagoen baino gaizkiago aurkitzea uste nian.

- Gaizkiago?

- Oraindik bi hankok heurekin dituk behintzat.

- Zer?

- Hara ba, Don Jose medikuak esan didanez, hanka bat kanposatuan heukala eta...

Beste hura ere, ohean larri, etsipenez azken arnasestuz.

Eta semeak alboko gelan azken erabakiak hartzen.

Entierroa primerakoa; segundakoa ala terzerakoa egin eztabaidaka.

Baina, hil zorian zegoenak, entzun dena erne, eta ohetik ihardetsi: - Hara mutillak, nire abarketak emon egidazuez eta neu joango nauk kanposantura.

Hitzetik hortzerako bizkortasuna denean umoreak bide idekiak ditu.

Baina maila horretarako hizkuntzaren erabilera bizkorra izan behar du.

- Bihar ze eguraldi?

- Etzi izango diat.

Baina bada beste era bat, beti gauza guziei txispa atera nahiarena.

Horretarako badira lagunartean edo nonnahi adi egoten direnak, berenkatutako gogoetaz filosofia garatuak.

Honetan, berriz diot, hizkuntzaren baliapenak asko esan nahi du, maiz hitzen jokoaz baliatzen direlako eta besteetan hitzei intentzioz balio desberdinak emanez.

Adibidez, egunero lanera Plazentziara joaten zen eibartarrarena, zubiko obrak geldiro ari zirelako, edo harremanezko hizketarako gogoa zuelako, zubiaz ekin zion: - Zubi hau geldirik zegok.

- Zerba, Eibarren zubiak ibiliz dabiltzak ala?

Mutilak, kontuz, plaentziarrekin mintzatzean, baldin aldez aurretik umorerako prest jarri edo adi ez bazaude.

Oroi Busca Isusi Plaentziako Allegro elkartean gastronomiaz mintzatu zeneko hartaz, eta zeuek atera kontuak.

Hizlariak gai horietaz zuen etorriaz jan-edanetarik naharo aitu zen.

Tartean, Jesukristoren azken afaria ere aipatu omen zuen, eta bukaeran galderak eskatu zituenean, lehen txandan denak isil; baina bigarrenez inor galdetu nahi zuen esaterakoan, entzuleetako batek: - Eta zuk aipatu duzun kristoren afari hori egia ote da oraindik ordaintzeko dagoela?

Hizlaria harriturik, zer erantzun ez zekiela, eta plaentziar beste entzule batek: - Zelan ordainduko ziten ba, Judasek diruak eraman bazituen?

Hortik aurrerakoa zuk pentsa irakurle.

Baina, egunetara, Busca Isusik egunkariko artikuluan esaten zuen Plantzian ezin zela serio hitzik egin.

Baina, nere ustez, han serio hitz egitea da.

Han egin behar dena da, hitzik serio ez hartu.

Bestela Akabo!

Izango dira asmakizunezkoak ere, lagunartean tertulietan broma, jolasa eta abar erabiltzeko asmatzen direnak, maizenik, horietakoak esajerazioz beterik daudelarik.

Batez ere, zakurrari azurrak eta andreari gezurrak, heredutzat harturik ibiltzen diren ehizarien artean.

Nor ehizariak bezalakorik? Baserri inguruan erbiari tira eta huts! Hala ere, harrokeria soinean.

Egia aitortu nahi ez eta bertatik hurbil zen baserritarrari.

- Iño! Gutxi falta izan dek; larri ibili dek; bigarren tiroan belarri bat kendu zioat.

- Ondo egin diok, zeren ez zuen zertan joan hiru belarrikin.

Baina normalena den bezala, Plaentziako zuloan bizi direnentzat ere, beren herria bezalako ederrik ez da beste munduan.

Horregatik, igazko udaran Hondarribian ikusi nuen plaentziar batek Txingudi aldera begira esaten zidan: - Kointzo, Kointxo! Badakit zer pentsatzen nagon, Plaentxia bezain paraje onak badirela munduan.

Beste bati, galtzerdirik gabe zapatak probatzen, zapatariak irri-parrez: - Amak egindako galtzerdiok ez zaizkik berehalakoan apurtuko.

- Etzekiat ba, ze gantzontzilloak ere amak eginak dizkiat baina atzean zuloa ditek.

Eredu horien araberazkoak izaten dira umorezko ipuin laburrak ere gertatuak edo asmatuak, denak dira gai farra egiteko.

Gainera, garaiko giroari loturik baldin badago, hobe.

Franco-ren garaian zabaltzen ziren zurrumurroak ere ondo zetozten: - Hi, enteratu haiz?

- Zertaz?

- Francok kantzerra omen dik.

- A! Kantzer gizajoa.

Lanik ezaz estu dabiltzalarik ere, haien harridura guzia hemen gelditzen da: - Nork pentsatuko zian ba inork nahi ez genuena ere faltatuko zenik?

Krisia zerbait arintzeko adarra jotea da onena.

Adarra joaz irekitzen dira fabrikako ateak, lanera joateko.

Baina horretan ere guztiak ez datoz bat.

Horregatik, ez aipa krisirik, ez izan tristurarik, ez eta kolorerik.

Zeren, koloreak kolore, umorea ez da dolore.